XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lasai hurbildu nintzen tabernarantz, eta ez dakit zein mugimendu instintibori erantzunez, tabernako ate nagusirantz zuzendu nituen neure pausoak, badaezpada, baina ez nuen kezkatzeko inongo motiborik aurkitu.

Arnasa lasaiki hartu eta etxe ostera joan nintzen.

Urrutian txirtxiren baten xilio jeloskorra entzun ahal izan nuen.

Berriz arnasa lasaiki hartu eta hantzuko erroetatik oratuz jaikitzen hasi nintzen.

Leihoaren parera heldu nintzenean, aurreneko gauean bezala, barnean zer ote zegoen begira gelditu nintzen eta neure begien eta aurpegi erdiaren ispilatzea besterik ezin nezakeen antzeman.

Beso baten gainean jarri eta bestearekin danboril baten antzera jo nuen hatzekin kristal hotza.

Berehala kamisoiaren zuritasuna igarri nuen gelaren belzduran eta enegana hurbiltzen hasi zen.

Leihoa zabaldu nuenean hartu nuen sustoak besoak indar gabe utzi zizkidan.

Maiteren ama zen hortz gabeko ahoaz susto garraisia histeriko bat ematen.

Lurrera erori nintzenean buruaz kolpe izugarri bat hartu nuen eta saihets hezur guztiak txilindro batek zanpatu bailitu sentitu nituen.

Are beldurgarriago izan zen, foko bat piztu eta tabernatik jendea irteten hasi zenean biraoka eta irainka.

- Zorrotzaile sasikume hori, joan zaitez zeure herrira zeure aitonari adarrak jartzera, - bien bitartean ostikoz eta ukabilkadaz hasten zitzaizkidalarik.